Euskal Herrian era
ldaketa sozialean lanean ari diren Herri Mugimenduen kultura indartzea helburu duen eragilea da Joxemi Zumalabe Fundazioa. Herri Mugimendue n ekarpena jaso eta merezi duen mailan jartzea du helburu. Euskal Herriko talde eta mugimendu ugarik egiten duten lanari behar duen errekonozimendua eman eta memoria kolektiboa lantzea da Fundazioaren egiteko nagusia.
Noiz sortzen da Joxemi Zumalabe Fundazioa?
1995eko abenduan, lagun talde batek, eztabaida ugariren ondoren, Herri Mugimendua laguntzea helburu izango zuen fundazio bat eratzea erabaki eta 1996ko apirilean ofizialki sortu zuten.
Nola abiatzen da fundazioa?
Ezberdintasun eta mailaketak nagusi diren gizarte honetan, famili batean edo bestean jaio izanak, bizitza goitik behera alda dakizuke. Horretaz badaki bai fundazioaren hastapenetan ibili ziren lagun batek baina gehiagok. Horietako bati, egun batetik bestera, herentzia baten bidez diru poltsa handi bat etorri baitzitzaion. Bere lanaren eskutik etorri ez zen diru hura herriari itzuli nahi, eta lagun talde bati asmoa azaldu eta eztabaida saio ugariren ondoren, Joxemi Zumalabe Fundazioa sortu zuten. Egun, fundazioa, diru poltsa horrek ematen dizkion irabaziei esker eta instituzioetatik proiektu ezberdinetarako jasotzen dituen diru laguntzei esker egiten du ekonomikoki aurrera.
Zergatik Joxemi Zumalabe izena?
Fundazio bat sortzeko erabakia hartuta, honen izena erabaki behar, eta lagun zuten Joxemi Zumalabe Goenaga-ren izena ipintzea erabaki zuten, honek berarekin zekarren esanahia guztiarekin. baina Nor zen Joxemi Zumalabe Goenaga? Donostian jaio zen 1950eko urriaren 14an. Gaztetatik, han eta hemen saltsa batean eta bestean ibili zen Joxemi. Bere herriak bizi zuen egoerarekin konforme ez, eta hori aldatzeko lanean jardun zuen buru belarri. Euskalgintzaren eremuan ekarpen handiak egin zituen; Argia aldizkaria aurrera ateratzen lan handia egin zuen eta 1986an euskarazko egunkari baten proiektua garatu eta defendatu zuen. Garai hartan, ezinezkoa zirudien proiektu hark, Joxemiren kemenagatik (besteak beste) argia ikusi zuen: Euskaldunon Egunkaria. Gaitz batek eraman zuen 1993ko urtarrilaren 12an. Bere ekarpenari eskerra eman nahian eta Joxemi gogoan izateko jarri zitzaion izena Fundazioari: Joxemi Zumalabe.
Lehen fasean egin ziren egitasmo nagusiak:
1997-2007: Fite! Buletina
Dohainik eta hilero mila harpidedun baina gehiagori (talde zein pertsona) bidaltzen zaie. 6 orrialdetan, herri mugimenduetatik egiten diren ekimenen berri jaso eta zabaltzeko helburua du.
1999: Euskal Herriko Herri Mugimenduaren Gida:
1997ko azken hilabeteetan eta 1998 osoan zehar burututako datu bilketa baten ondotik, Euskal Herriko 1.500 talde ingururen datuak publiko egin ziren euskarri inprimatuan. Aipatu behar da, ordutik ona, datu gehiago biltzen joan garela eta hauek berritzen, oso erabilia izan delarik. Gaur egunean, publiko dago web gunean.
Formazio eskaintza:
Formazioa lantzen duten eskola ezberdinekin elkarlanean, taldeei begirako formazio ikastaro bereziak eskaini eta diruz lagundu izan ditu fundazioak urteetan zehar.
Baliabide materialen eskaintza:
Fundazioak, horrela eskatzen duten taldeei baliabide materialak eskaini izan dizkie; biltzeko lekua, ordenagailua…
Aholkularitzak:
Hastapenetik ere, gai ezberdinen inguruko laguntza eskaini izan dugu; taldeen legeztatzea, diru laguntzak eskuratzea…
Elkarlan Proiektuak:
1997-2000: Eztabaida Jardunaldiak: Fundazioa den elkargunea baliatuz, hainbat izaeratako herri mugimenduek eztabaida jardunaldi ugari antolatu dute beraiek antzemandako beharrei erantzuteko asmoz: Desobedientzia Zibila (1997ko apirilean), Kontsumo alternatiboa (1997ko maiatzean), Ezkerraren papera (1998ko otsailean), Partehartze instituzionala (1998ko ekainean), Lurralde antolakuntza (1999ko azaroan) eta Garapen ereduak (2000ko apirilean).
2001: Eusko Ikaskuntzaren XV.Kongresurako lankidetza: Joxemi Zumalabe Fundazioak EUSKO IKASKUNTZAren XV. Kongresuan parte hartu zuen. Kongresua 2001eko azaroan eta abenduan Donostiako Kursaal Jauregian ospatu zen. Zehazki Fundazioak “GIZARTE ZIBILAREN AHOTSA” izeneko hirugarren talde tematikorako lan taldeak koordinatu zituen.
1999-2002: Herria Mugi ekimena: “Euskal Herriko Herri Mugimenduaren Gidan” zeuden talde guztiak asanblada batetara gonbidatu zitzaien “gida” horren aurkezpena egiteko. Bertan bildutako taldeen artean herri mugimenduen arteko harremanetarako eta elkar ezagutzarako gune bat sortzea erabakitzen dute. Ondorioz, ekimen hori gauzatu ahal izateko Talde eragile bat izendatu zen: Herria Mugi! Ekimena. Gune honek dituen helburuak Fundazioaren helburuekin bat egiten dutenez, urtero Topagunea antolatzeaz arduratzen den talde eragileari Fundazioak bere koordinazio, dinamizazio eta idazkaritza tresnak eskaini zizkion. Ekimen honek Herri Mugimenduaren Topagune hauek antolatu zituen:
I.Topagunea (1999): Manifestu bat adosten dute: “Euskal Herriko Herri Mugimendua gara eta lanean ari gara gizarte aldaketa baten alde. Gizarte aldaketa bilatzen dugun horretan gure arteko elkarlanerako eta elkar ezagutzarako guneak beharrezkoak ditugu komunean duguna elkarren babesean gauzatzeko”
Manifestuan adostutakoa garatzeko eta praktikan jartzeko Talde eragile bat izendatzen da. Talde horrek herri mugimenduaren kezka eta behar nagusiak bildu eta II Topaguneari begira jartzen ditu.
II. Topagunea (2000): Bertan, aurrez bildutako kezka eta beharren inguruan, ondorengo gaiak aztertu ziren:”Euskal Herriko errealitatearen azterketa” eta “Herri Mugimenduaren egoeraren diagnosia”. Horrekin batera, azken egunean Desobedientzia zibilaren gaia jorratu zen maila teorikoan zein praktikan martxan ziren hainbat ekimenen adibideekin.
III. Topagunea (2001): Komunikazioa izan zen gai zentrala. Herri/gizarte mugimenduek eten gabeko eta eduki komunen inguruko barne komunikazioaren beharra dutela elkar ezagutzeko, elkarri esperientziak trukatzeko eta elkarlana gauzatzeko ater azen ondorio nagusi bezala. Horrekin bateta, egungo komunikabideek ez diote ezer eskaintzen herri mugimenduari eta Herri mugimenduak bere komunikaziorako tresnak sortu behar dituela ere ondorioztatu zen.
IV. Topagunea (2002): Topagune honen helburua nagusia gizarte eredu berrirako herri mugimenduaren idearioa eta ekarpena zehaztea izan zen. Horretarako hausnarketa hiru eremutan kokatu zen, eremu bakoitzeko herri mugimenduen eredua zirriborratzeko asmoz; eredu sozio-ekonomikoa, gizarte antolaketaren eredua eta eredu kulturala.
2001-2002: Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa. Joxemi Zumalabe Fundazioak koordinatu eta dinamizatu zuen, Euskal Herri osoko izaera ezberdineko 20tik gora irratik elkarlanean Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa sortzeko abiatutako egitasmoa.
2002-2003: Mundua Euskal Kulturan. Euskalgintzako hainbat eragile eta Euskal Herriko hainbat etorkinen elkartek bat egiten zuten ekimen honetan. Topagune honen barruan gizarte eredu kulturalaren inguruko hausnarketa gune bat izan zen. Bertan etorkinek eta euskalgintzako eragileek bildu ziren, Euskal Herrian ematen den kultura aniztasuna kontuan hartuta, euskara eta euskal kulturaren normalizazioa nola bermatu aztertzeko. Inmigrazioak planteatzen dituen erronkak.
Eztabaidan bildutakoek, gaian sakontzeko jardunaldi batzuk antolatzea adostu zuten. Handik aurrera, Fundazioak jardunaldi horiek gauza zitezen ekimena koordinatu eta dinamizatzearen ardura beregain hartu zuen. Ekimen honen baitan bi jardunaldi antolatu ziren:
1. “Mundua Euskal Kulturan” jardunaldia, 2002ko azaroaren 23an Martin Ugalde Kultur Parkean antolatu zen.
2. “Hezkuntza sistemen elkar trukea: Euskal Herria eta jatorrizko herriak” jardunaldia, 2003ko azaroaren 29an Gasteizko Europa Jauregian antolatu zen.
2003: Euskal Herriko Foro Soziala: 2002ko udazkenean hasi, eta 2003ko ekaina bitarteko iraupena izan duen prozesua izan zen. Ibilbide honetan talde ugarik parte hartu zuten sortze prozesuan, nahiz ekainaren 27-28-29an antolatu zen EHGFren I. Topaketetan. Ekimenak iraun zuen bitartean Joxemi Zumalabe Fundazioak idazkaritza eta koordinazio lanak burutu zituen.
2004-2005: Euskal Herriko II. Foro Soziala: Lehen Foro Soziala eta gero, bigarren foro soziala antolatze lanetan ibili ginen talde ugarirekin batera. Parte hartzaileen arten izandako liskarren ondorioz, ez zen ospatu.
* Dakizuen bezala, fundazioa 18/98 epaiketaren barruko pieza bat izan zen, eta horren ondorioaz, 18/98+ epaiketak salatzeko dinamiketan murgildu zen buru-belarri, beste hainbat elkarte eta eragilerekin batera, hala nola Fundazioaren beraren defentsa juridikoan. Horren inguruan gehiago Blog honetan jakin daiteke, ez da oso elegantea baina pista batzuk ematen ditu Joxemi Zumalabek (eta bestete batzuek) garai hartan martxan jarritako jarduera, dinamika eta ekimenen inguruan.





